XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GALDERA.- Noiz hasi eta amaitu zenuen batxileratoa? ERANTZUNA.- Hamar urte bete gabe hasi nintzen 1894-garren urtean eta 1900-garren urtean amaitu nuen.

- Batxileratoak sei urte zituen.

GALDERA.- Gero, injinadore karrera estudiatu zenuen. Noiz, nola eta non?.

ERANTZUNA.- 1900-garren urteko Urrian hasi nintzen estudiatzen injinadore karrera Bilboko eskolan sartzeko.

- Ingresua 1900/1901 ikastaroan egin nuen.

- 1906-garren urteko Abenduan Industrietako Injinadoreen titulu jabe egin nintzen.

- 22 urte bete berriak nituen.

- Karrera bukatuta atzerrira joan gura izan nuen hizkuntzak ikasteko, baina gurasoek ez zidaten utzi, arima gal nezakeelakoan atzerri lurretan eta nik ez nion gaizki iritzi.

- Integristak horrelakoxeak ginen.

GALDERA.- Gero, Ahaldundian, Diputazioan sartu zinen, oso oker ez banaiz.

ERANTZUNA.- Bai, 1907-ko Agorrilean eman zidan Diputazioak Injinadore kargua Catastro Industrial zeritzan sailaren buru egiteko.

- Hurrengo urtean, hots, 1908-ko urtarrilean, Probintzi-Mandatalgoak (Comisión Provincial) agindu zidan Probintzi Telefonu Sarearen (Red Telefónica Provincial) aurrekontu estudio bat egin nezala.